GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN UNIBERTSALA
HITZAURREA
Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea giza familiako
kide guztien berezko duintasunean eta eskubide berdin eta ukaezinetan
oinarritzen direla;
Kontuan izanik giza eskubideak ez ezagutzearen eta gutxiestearen
ondorioz, giza kontzientziari irain egiten dioten basakeriak gertatu izan
direla; eta gizon-emakumeek, beldur eta gabezia orotik aske, hitz egiteko
askatasuna eta sinesmen-askatasuna izango dituzten munduaren etorrera
aldarrikatu dela gizakiaren helburu nagusi;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen
batek babestea, gizakia-tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea
den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin;
Kontuan izanik ezinbestekoa dela, baita ere, herrialdeen artean
harreman lagunkoiak bultzatzea;
Kontuan izanik Nazio Batuetako kide diren herriek gizakiaren oinarrizko
eskubideetan, gizakiaren duintasun eta balioan eta gizonen eta emakumeen
eskubideen arteko berdintasunean duten fedea tinko azaldu dutela Agirian;
eta, askatasunaren ikuspegi zabalago baten barruan, gizarte aurrerakuntza
sustatzeko eta bizitza-maila jasotzeko erabakita daudela adierazi dutela;
Kontuan izanik Estatu Kideek, Nazio Batuen Erakundearekin elkarlanean,
gizakiaren oinarrizko eskubide eta askatasunen begirune orokorra eta
eraginkorra ziurtatzeko hitza eman dutela;
Kontuan izanik emandako hitz hori osotasunean betetzeko garrantzi
handikoa dela eskubide eta askatasun horiek berdin ulertzea;
BATZAR NAGUSIAK
GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN
UNIBERTSAL HAU EGITEN DU
Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek
eta bai erakundeek. Aldarrikapen honetan etengabe oinarrituta, alde
batetik, eskubide eta askatasun hauen begirunea bultza dezaten
irakaskuntzaren eta hezkuntzaren bidez eta, bestetik, nazio mailan eta
nazioarte mailan arian-arian neurriak hartuz, era eraginkorrean eta
orokorrean ezar daitezen ziurtatzeko, bai elkarkide diren estatuetako
herrien artean eta baita horien eskumenpean dauden lurraldeetan ere.
1. atala
Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide
berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren
artean senide legez jokatu beharra dute.
2. atala
Gizaki orori dagozkio Aldarrikapen honetan adierazitako eskubide eta
askatasunak, eta ez da inor bereziko arraza, larru-kolorea, sexua,
hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo
gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste inolako
gorabeheragatik.
Ez zaio begiratuko gainera, pertsona zein herrialde edo lurraldetakoa
den; ezta hango politikari, legeei edo nazioarteko egoerari, nahiz eta
herri hori burujabea izan, besteren zainpeko lurraldea, autonomiarik gabea
edo nola-halako burujabetasun-mugak dituena.
3. atala
Norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako
eskubidea.
4. atala
Inor ez da izango besteren esklabu edo uztarpeko; debekatuta dago
esklabutza eta esklabuen salerosketa oro.
5. atala
Ezin daiteke inor torturatu, ezta inori zigor edo tratu txar, anker eta
lotsarazlerik eman ere.
6. atala
Edozein gizon-emakumek du, nonahi, lege-nortasundun dela aitor
diezaioten eskubidea.
7. atala
Gizon-emakume guztiak berdinak dira legearen aurrean eta denek dute,
bereizkeriarik gabe, legezko babesa izateko eskubidea. Denek dute
Aldarrikapen hau hausten duen edozein bereizkeriaren aurka eta bereizkeria
horren eragileen aurka babes berbera izateko eskubidea.
8. atala
Pertsona orok du Konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen
dizkieten oinarrizko eskubideak hausten dituzten ekintzetatik babesteko,
norbere herrialdeko auzitegi aginpidedunetan errekurtso eraginkorra
jartzeko eskubidea.
9. atala
Inor ezingo da arrazoirik gabe atxilotu, preso hartu edo erbesteratu.
10. atala
Pertsona orok eskubidea du, berdintasun osoan, auzitegi burujabe eta alderdikeriarik
gabean jendaurrean hitz egin eta zuzentasunez entzun diezaioten, nahiz bere
eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, nahiz bere aurkako salaketa penalak
aztertzeko.
11. atala
1. Delituagatik salatutakoak eskubidea du errugabetzat
jo dezaten, errudun dela legez eta jendaurreko epaiketan frogatzen ez den
bitartean. Epaiketan bere burua zaintzeko berme guztiak ziurtatuko zaizkio.
2. Egintzak edo behar-uzteak izandakoan, herrialdeko edo
nazioarteko legeriaren arabera delitu ez baziren, ezingo da inor kondenatu.
Delitua egitean ezargarri den zigorra baino larriagorik ere ezingo zaio
jarri.
12. atala
Ez dago arrazoirik gabe beste inoren bizitza pribatuan, familian,
etxean edo postan eskusartzerik, ezta inoren ohore edo izen onari eraso
egiterik ere. Nornahik du eskusartze edo eraso horien aurka legezko babesa
izateko eskubidea.
13. atala
1. Pertsona orok du joan eta etorri aske ibiltzeko
eskubidea eta Estatu baten lurraldean bizilekua aukeratzekoa.
2. Pertsona orok du edozein herrialdetatik alde egiteko
eskubidea, baita norberetik ere, eta norbere herrialdera itzultzekoa.
14. atala
1. Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein
herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea.
2. Eskubide horretara ezin izango da jo delitu arruntek
sortutako auzibideko egintza baten aurka, ezta Nazio Batuen helburu eta
erizpideen aurkako egintzak direla-eta ere.
15. atala
1. Pertsona orok du herritartasuna izateko eskubidea.
2. Inori ezingo zaio arrazoirik gabe herritartasuna
kendu, ezta herritartasuna aldatzeko eskubidea ukatu ere.
16. atala
1. Gizonek eta emakumeek, ezkontadinetik aurrera,
ezkontzeko eta familia aratzeko eskubidea dute, arraza, herritartasun edo
erlijioagatiko inolako mugarik gabe; eta, ezkontzari dagokionez, eskubide
berberak dituzte bai ezkonduta jarraituz gero eta bai ezkontza-lotura
ezabatuz gero ere.
2. Ezkongaien baimen aske eta osoz ez bada, ez dago
ezkontzerik.
3. Familia da gizartearen oinarri jatorra eta berezkoa,
eta Estatuaren eta gizartearen babesa izateko eskubidea du.
17.atala
1. Pertsona orok du jabe izateko eskubidea, bakarka
nahiz taldean.
2. Arrazoirik gabe, ez zaio inori bere jabegoa kenduko.
18. atala
Pertsona orok pentsamendu-kontzientzi eta erlijio-askatasunerako
eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko
askatasuna eta baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean,
jendaurrean edo pribatuan irakaskuntzaz, ihardueraz, kultuz eta aginduak
gordez azaltzeko askatasuna ere.
19. atala
Gizabanako guztiek dute eritzi-eta adierazpen-askatasuna. Eskubide
horrek barne hartzen du erlijioa eta sinismena aldatzeko askatasuna eta
bakoitzaren eritziengatik inork ez gogaitzeko eskubidea, ikerketak egitekoa
eta informazioa eta eritziak mugarik gabe eta nolanahiko adierazpidez jaso
eta zabaltzekoa.
20. atala
1. Nornahik du bakean biltzeko eta elkartzeko eskubidea.
2. Inor ezingo da behartu elkarte bateko kide izatera.
21. atala
1. Pertsona orok du bere herrialdeko gobernuan parte
hartzeko eskubidea, zuzenean nahiz libre aukeratutako ordezkarien bitartez.
2. Pertsona orok du berdintasunez norbere herrialdeko
funtzio publikoan sartzeko eskubidea.
3. Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen
oinarria; borondate hori aldian-aldian egingo diren benetako
hauteskundeetan adieraziko da. Hauteskundeok bozketa orokor eta berdinez
eta isilpeko boto bidez egingo dira, edo boto askatasuna bermatzen duen
beste bide batez.
22. atala
Pertsona orok du, gizarteko kide denez gero, gizarte-segurantza izateko
eskubidea eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, Estatu
bakoitzaren antolaketa eta baliabideak kontuan izanik, norbanakoaren
duintasunerako eta nortasuna garatzeko ezinbestekoak diren ekonomi, gizarte
eta kultura mailako eskubideak asetuta izatekoa.
23. atala
1. Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, lana
aukeratzekoa, lanbaldintza bidezkoak eta egokiak izatekoa, eta
langabeziaren aurkako laguntza jasotzekoa.
2. Pertsona orok du, bereizkeriarik gabe, lan beragatik
lansari berbera jasotzeko eskubidea.
3. Lanean ari denak bidezko lan-saria eta aski zaiona
jasotzeko eskubidea du, bai bera eta bai bere familia, giza duintasunari
dagokion bezala bizitzeko bestekoa. Horretarako aski ez bada lansaria,
gizarteko laguntzaren bidez osatuko da.
4. Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko,
sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.
24. atala
Pertsona orori dagozkio atsedenerako eskubidea, aisiarakoa, lanaldiaren
iraupen mugatua izatekoa eta aldian-aldian ordaindutako oporrak izatekoa.
25. atala
1. Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea,
bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena,
eta batez ere janaria, jantziak, bizitokia, medikusorospena eta
gizarte-zerbitzuak; eta baita lanik eza, gaixotasuna, elbarritasuna,
alarguntasuna, zahartzaroa edo bizibidea nahi gabe galtzeko beste kasuren
bat gertatzen denerako asegurua izateko eskubidea ere.
2. Amek eta haurrek laguntza bereziak jasotzeko
eskubidea dute. Haur guztiek, senar-emazteengandik nahiz ezkontzatik kanpo
jaiotakoek, gizartearen babes berbera izateko eskubidea dute.
26. atala
1. Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza
dohainekoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko
ikasketak egitea derrigorrezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa,
orokorra; eta denek izango dute goimailako ikasketak egiteko aukera bera,
norberaren merezimenduen arabera.
2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea
izango da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua
indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkar-ulertze,
jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du; eta Nazio Batuen
iharduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.
3. Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute
seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.
27. atala
1. Pertsona orok du eskubidea elkarteko kultur
ekitaldietan aske parte hartzeko, artelanez gozatzeko, eta zientzi
aurrerakuntzan eta horri darizkion irabazietan parte hartzeko.
2. Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen
egille diren pertsona guztiek dute horregatik eskubidea dagozkien interesak
eta materialak babes dakizkien eskubidea.
28. atala
Pertsona guztiei dagokien eskubidea da, Aldarrikapen honetan azaldutako
eskubide eta askatasunak era eraginkorrean garatuko dituen gizarte mailako
eta nazioarteko ordena ezar dadin.
29. atala
1. Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere
baditu, komunitatea baita bere nortasuna guztiz eta era askean garatzeko
toki bakarra.
2. Pertsona orok, gainontzeko herritarren eskubide eta
askatasunen begirunea ziurtatzeko eta gizarte demokratiko bateko moral,
ordena publiko eta ongizate orokorreko bidezko eskakizunak betetzeko legez
ezar daitezen mugak baino ez ditu izango dagozkion eskubide eta askatasunez
baliatzeko orduan.
3. Eskubide eta askatasun hauetaz ezingo da inor baliatu
Nazio Batuen helburu eta erizpideen aurka.
30. atala
Aldarrikapen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu Estatuari edo
talde edo norbanakoren bati Aldarrikapen honetan bertan adierazitako
edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko ekintzak edo ihardunak
burutzeko eskubidea ematen zaionik.